TANTAI BASO JABE KOOPERATIBA
Euskal Herriko paisaia eraldatzeko anbizioa duen proiektua da Tantai. Horretarako, eredu intentsiboen bidez kudeatutako baso-monolaborantzak atzean utzi eta aniztasun biologiko handidun basoak sortzeko proposamen integrala dakargu.
Bertako espeziez osatutako basoen alde egiten dugu eta modu jasangarri eta bateratuan kudeatzen ditugu. Kalitate handiko zuraren ekoizpena dugu ardatz, eta baita gainerako ekosistema zerbitzuen emankortasuna handitzea ere.
Baso Jabeei aholkularitza, akonpainamendua eta laguntza eskaintzen dizkiogu, bere lurrak irizpide hauei jarraiki kudeatu ditzan.
TESTUINGURUA
DIKOTOMIA
Gaur egun, Hego Euskal Herriko kantauri isurialdean bereziki, kontrajarriak diren bi ikuspunturen artean trabatuta dago basogintza; egur ustiaketa maximizatzea helburu duen baso kudeaketa intentsiboa edo ustiaketa gaitzesten duen muturreko kontserbazionismoa. Dikotomia horretatik at kokatzen da Tantai Baso Jabe kooperatiba, gure iritziz, batak zein bestek, ezintasun handiak baitituzte egungo erronkei erantzuteko.
Argi dugu ekoizteko beharra dugula; lehengaiak beste herrialde batzuetatik ekarri behar ez ditzagun. Aldi berean, beharrezko deritzogu kontsumo eredua eraldatzea, gutxiago eta hobeto kontsumitu dadin, eta ekosistemen zaintza alboratuko ez duten ekoizpen ereduak baliatzea.
Nekazaritzan zein abeltzantzan indar handia hartu du azken urteotan agroekologiaren ereduak, naturaren zein gizartearen beharretara egokitzen diren ekoizpen moduak bultzatzen dituena. Ideia horretan berresten da Tantai ere, eta basora eraman nahi ditu printzipio horiek.
ProSilva edo CFF ereduak, besteak beste, norabide hau bultzatzen dute. Indar handia hartu dute Europan hazken hamarkadetan, eta erakutsi dute badela modua baso lehengaiak ekoizteko ingurumenari kalterik egin gabe eta etekin ekonomikoa alboratu gabe.
ZIURGABETASUNA
Klima aldaketa, muturreko gertaera meteorologikoen ugaritzea, globalizazioa, izurrite eta gaixotasunen areagotzea… bistakoa da baldintzak zailtzen ari direla, eta oso nabarmena da baso ekosistemetan eragin kaltegarria dutela.
Honek guztiak nabarmen areagotu du ziurgabetasuna, hau da, aurreikusi ezinak diren gertaerak eta kalteak jasateko arriskua.
Horren aurrean, zientzia komunitatea argia da; ziurgabetasunari aurre egiteko sistema erresilienteak behar ditugu, eta, hori lortzeko, sistema sinplifikatuak alboratu eta konplexutasuna bultzatu behar dugu. Bestela esanda, ekosistema aberatsak dira aldaketen aurrean aurrera egiteko eta zerbitzuak bermatzen jarraitzeko bermerik handiena eskaintzen dutenak.
BESTELAKO BASOGINTZA
Bestelako basogintza deritzogu gaur egun nagusi den eredu intentsiboaren alternatiba izan nahi duen ekoizpen moduari. ProSilva edo CCF izenez ezagutzen diren ereduak ditugu oinarri, azken urteotan Europan indar handia hartu dutenak; besteak beste Frantzian, Belgikan, Erresuma Batuan, Irlandan, Alemanian eta Eslovenian. Elkarlanean dihardugu herrialde horietako basogile askorekin; esperientzia eta ezagutzak elkarbanatzen, eta harreman sare indartsuak sortzen.
Honako hauek dira bestelako basogintza ereduaren oinarri esanguratsuenak:

ESPEZIE ANIZTASUNA
Bioaniztasuna handituz, basoen funtzionamendua hobetzen da eta, ondorioz, baita zerbitzuen hornikuntza ere.

ANIZTASUNA ESKALA
TXIKIENEAN
Adin, espezie eta tamaina anitzeko zuhaitzez osatutako basoak egonkorragoak eta erresilienteagoak dira.

BIRSORTZE NATURALA
Lekuan lekuko baldintzetara egokitutako landareak lehenesterakoan, egokitzapen gaitasun handiagoa bermatzen dugu. Gainera, kostu ekonomikoak nabarmen murrizten da.

ESKUARTZE BORTITZAK EKIDIN
Mozketa hautakorrak eginez eta makineria tentuz erabiliz, lurzorua babesten dugu. Lurrean dago basoaren baliorik handiena!

BAKANKETA BIDEZKO MOZKETAK
Basoak guztiz soildu ordez, 8-12 urtean behin bakanketa txikiak egiten ditugu. Ekoizpen eta errentagarritasun maila handia lortu daiteke, bioaniztasuna zainduz.